
Aurten ere, ADYPEk sari horiek antolatzen laguntzen du, lehiakortasuna eta giza garapena uztartzen dituzten erakundeak bereizten baitituzte.
Bilbon, 2026ko apirilaren 27an. Gaur 2026ko Arizmendiarrieta Sariak banatu dira, Enpresaren Eredu Inklusibo Parte-hartzailearen bidez (MIPE) enpresaren lehiakortasuna eta giza garapena uztartzeagatik nabarmentzen diren erakundeei aitortza egiteko.
Edizio honetan, hauek izan dira sarituak: Walter Pack, Enpresa Handien kategorian; Biolan Microbiosensores, ETEetan; Euskadiko Parke Teknologikoa, Sozietate Publikoen kategoria berrian; eta Otxarkoaga Lanbide Eskola, irabazi-asmorik gabeko entitateen modalitatean. Gainera, epaimahaiak aipamen berezia egin dio Lantegi Batuak-i, prozesu parte-hartzaileetan egindako ibilbide nabarmenagatik.
Arizmendiarrieta Kristau Fundazioak eta Euskadiko Zuzendari eta Profesionalen Elkarteak (Adype) antolatu dute ekitaldia, eta, hala, instituzio-, enpresa- eta gizarte-arloko hainbat ordezkari bildu dituzte, Deustuko Unibertsitateko CRAI liburutegian. Juan José Etxeberria errektoreak eta Bilboko jarduneko alkate Amaia Arregik egin dute irekiera-ekitaldia, eta itxiera, berriz, Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Ainara Basurkok. Aurretik, Olga Villa ADYPEko Zuzendaritza Batzordeko kideak ere parte hartu zuen, Elkartearen izenean.
HumaniSare Kluba sortu da, enpresa humanista bultzatzeko
Errektorearen eta alkatearen ongietorri-hitzen ondoren, Arizmendiarrieta Kristau Fundazioko lehendakari Juan Manuel Sindek Arizmendiarrietaren Urtearen ospakizunak markatutako edizio hau nabarmendu du. Frantzisko aita santuak agurgarritzat aitortu zueneko hamargarren urteurrena eta haren heriotzaren 50. urteurrena ospatzen ditu.
Bere hitzaldian, Sindek nabarmendu du HumaniSare abiarazi dela, Enpresa Humanistaren Arizmendiarrieta Kluba, enpresek eraldaketa sozialerako eragile gisa duten zeregina indartzeko ekimena, alegia. “Ekimen berri honekin, ekarpena egin nahi diogu gure Fundazioaren misioari: enpresa gizatiartzea, gizartea gizatiartzeko”.
Era berean, azpimarratu du, mundu osoan ziurgabetasuna nagusitu arren, “helburu kolektiboa eta barne-kohesio sendoa duten enpresek gaitasun handiagoa dutela zailtasunak gainditzeko”, eta eredu humanista aldarrikatu du.
HumaniSare sortu da enpresa humanistaren kontzeptua sendotzeko, MIPE oinarri etiko sakonago batekin bultzatzeko eta topagune bat sortzeko pertsonen duintasunarekin, guztion ongizatearekin, parte-hartzearekin, lankidetzarekin eta komunitatearekiko konpromisoarekin konprometituta dauden erakundeen artean.
Mahai-ingurua: enpresa, balio humanistak eta etorkizuna

Horren ondoren, “Balio humanistak XXI. mendeko enpresan” mahai-ingurua egin da. Aloña Velasco kazetaria izan da moderatzailea, eta honako hauek, berriz, parte-hartzaileak: Sonia Garai, Artecheko chief People & Culture Officer (2025eko Arizmendiarrieta Saria enpresa kategorian); Ignacio Palacio, Gizakia Fundazioko zuzendari nagusia (2025eko Saria irabazi-asmorik gabeko entitatearen kategorian); eta Iñaki Ruiz, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuordea.
Solasaldian, berariaz nabarmendu da zein garrantzitsuak diren pertsonengan, parte-hartzean eta helburu kolektiboan oinarritutako kudeaketa-ereduak, egungo enpresa-erronkei aurre egiteko funtsezko elementu gisa.
Arizmendiarrieta Sariak Bizkaia 2026
Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusi eta epaimahaiaren bozeramaile Leire Bilbaok irakurri du epaimahaiaren erabakia, eta, gero, sariak banatu dira, kudeaketa parte-hartzaileko eredu aurreratuen aitorpen gisa.
- Enpresa Handiak: WALTER PACK. Igorren egoitza eta nazioarteko presentzia duen industria-enpresa hau aintzatetsi dute, NER Group ereduaren barruan autogestioaren, gardentasunaren eta giza garapenaren alde egin duen apustuagatik. Miguel Bernar sortzaile eta zuzendari exekutiboak jaso du saria, Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Ainara Basurkoren eskutik.
- ETEak: BIOLAN MICROBIOSENSORES. Biolan Microbiosensores enpresaren sortzaile eta zuzendari nagusi Asier Albizuk jaso du saria, Bilboko jarduneko alkate Amaia Arregiren eskutik. Epaimahaiak berariaz nabarmendu ditu enpresaren kultura parte-hartzailea eta zenbait ekimenen bidez berrikuntza kolaboratiboari eman dion bultzada, besteak beste, doktoretzak finantzatuz eta STEM programa inklusiboei lagunduz.
- Sozietate Publikoak: EUSKADIKO PARKE TEKNOLOGIKOA. Sariak berariaz nabarmendu du parte-hartzean, gardentasunean eta lankidetzan oinarritutako eraldaketa kulturala, hiru euskal lurraldeetan talentua eta enpresak uztartzen dituen ekosisteman. Euskadiko Parke Teknologikoko zuzendari nagusi Itziar Epalzak jaso du saria, Adypeko Olga Villaren eskutik.
- Irabaz-Asmorik Gabeko Entitateak: OTXARKOAGA LANBIDE ESKOLA. Otxarkoaga Lanbide Eskolako zuzendari Juan Antonio Arrietak jaso du saria, Arizmendiarrieta Kristau Fundazioko lehendakari Juan Manuel Sinderen eskutik. Berariaz nabarmendu da hezkuntza inklusiboan erreferente gisa duen zeregina, laneratzean, arreta pertsonalizatuan eta kohesio sozialean oinarritutako eredu batekin.
- Epaimahaiaren Aipamen Berezia: LANTEGI BATUAK. Epaimahaiak Lantegi Batuak-en ibilbidea gailendu du, prozesu parte-hartzaileen bidez sendotu baita, eta egin duen lana balioetsi du, desgaitasuna duten pertsonentzako lan-aukerak sortzen eta pertsona erdigunean jartzen aritu baita. Desgaitasuna duten pertsonen kolektiboaren ordezkari Isabel Zaballa eta Lantegi Batuak-eko zuzendari Ramón Bernal igo dira agertokira saria jasotzera, epaimahaiaren bozeramaile Leire Bilbaoren eskutik.
Sari-banaketan, Bizkaiko enpresa- eta gizarte-sareko ordezkari nabarmenak izan dira. Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Deustuko Unibertsitatearen, Bilboko Ganberaren, Deiaren eta Estrategia Empresarialen laguntza izan dute.
Edizio berri honekin, Arizmendiarrieta Sariek beren konpromisoa berretsi dute, XXI. mendeko erronka sozial eta ekonomikoekin bat datorren eta guztion ongizatera bideratuago dagoen enpresa-eredu gizatiarrago eta parte-hartzaileago batekin.
