Adype | LABORAL Kutxaren Euskal Ekonomia Txostenak
18944
post-template-default,single,single-post,postid-18944,single-format-standard,ajax_fade,page_not_loaded,,wpb-js-composer js-comp-ver-4.2.3,vc_responsive
 

19 uztaila LABORAL Kutxaren Euskal Ekonomia Txostenak

LABORAL Kutxak euskal ekonomiari buruzko txostenak aurkeztu ditu.  Euskal Autonomi Elkarteari dagokion txostenaren aurkezpena Bilbon izan da. Bertan, Xabier Egibar, Negozio Garapenerako zuzendaria, eta Joseba Madariaga, Ikerketa Departamentuko zuzendaria, azaldu dira komunikabideen aurrean.

Munduko ekonomiak bilakaera positiboa izan zuen 2017an, % 3,8ko hazkundearekin. Jarduerak orokorrean izandako sinkronian eta nazioarteko merkataritzaren gorakadan oinarritu zen aipatutako hazkundea. Eurogunean ere nabaritu zen hazkundea; Barne Produktu Gordina % 2,5era iritsi zen, enplegu-sorrera nabarmena izan zen eta langabezia-tasa % 8,6an kokatu zen. Inflaziorik gabeko eta finantza-baldintza biguneko testuinguruan, eskari pribatuaren eta kanpoko sektorearen bilakaera ona izan zen.

Egoera orokor horren eraginez, halaber, Espainiako ekonomiak hasia zuen hazkunde-ibilbidea luzatu egin zen; duela urte batzuk irabazitako lehiakortasuna izan zen hazkunde-bidearen abiapuntua. Horrenbestez, hazkundea orekatua izaten ari da orokorrean, bai kanpo-eskariaren eta bai barnekoaren ekarpenekin.

Beraz, 2017a susperraldi ziklikoko urtea izan da eta, poliki-poliki, output gap-a ixten ari da ekonomian.

Gure erreferentziazko eremu geografikora mugatuta:

  • 2017an, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Barne Produktu Gordinak (BPGd) % 2,9 egin zuen gora. Eta antzeko hazkunde-tasak izan ziren Nafarroako Foru Erkidegoan eta Estatuan, % 3,2koa eta % 3,1ekoa, hurrenez hurren.
  • Aurrekoaren ondorioz, lan-merkatuaren bilakaera positiboa izan zen hiru eremu geografikoetan. Hala, enplegua % 0,3 hazi zen EAEn, % 4,2 Nafarroan eta % 2,6 Estatuan.
  • Magnituderik eraginkorrena, langabezia-tasa, % 11,3koa izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan, 2016an baino 1,3 puntu txikiagoa. Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, langabezia % 10,2ra jaitsi zen, eta Espainian % 17,2an kokatu zen. Ondorioa honako hau da: langabezia-tasak murrizten hasi dira pixkanaka, krisialdian zehar izandako igoeraren ondoren, eta poliki-poliki EAEn eta Nafarroako Foru Erkidegoan ohikoak diren balioetara hurbiltzen ari dira. Halere, Estatuko tasa handia da oraindik.
  • Eskaintzaren ikuspegitik, azpimarratzekoa da sektore guztiek balio erantsi gordinaren hazkunde-erregistro positiboak dituztela, EAEko nekazaritzak izan ezik.

2018-2019RAKO AURREIKUSPENAK

2018ari dagokionez, egungo hedapen-faseak jarraitu egingo duela aurreikusten da, eskura dagoen lehen seihilekoko informazioan agerikoa denez. Edonola ere, urtearen bigarren zatian nolabaiteko moteltzea izango dela sumatzen da, eta horretan hainbat faktorek eragin dezakete, azaldutako egoeran behera egiteko arriskua dakartenak.

AEBko tasen normalizazio-prozesuak gorabeherak sor ditzake garatzeko bidean dauden herrialdeetan, igoeren erritmoaren eta mailaren arabera. Europako Banku Zentralak ere diru-politikaren norabidea aldatzeari ekin dio, eta aktiboen erosketa-programaren amaiera finkatu du. Era berean, 2019aren bukaeran tasak gora egiten has daitezkeela aipatu du, betiere inflazioaren suspertze-bidea arriskuan jartzen ez bada, % 2ko mailara iriste aldera. Nolanahi ere, orain arte hazkundearen lagungarri izan den diru-politika bigunak ez du jarraituko bultzatzaile izaten.

Baina, agian, kezkagarriagoak dira protekzionismo-bolada eta merkataritza-gerrak, BPGdan eta enpleguan orokorrean eragingo duten kostua dela eta. Ildo horretan, aipatu beharra dago horrelako auziek ziurgabetasuna areagotzea dakartela, zaila baita eragingo dituzten ondorioak neurtzea. Azken finean, horrelako ekintzak herrialde batzuen artekoak badira ere, produkzio-kate globalen testuinguruan ondorioak modu asimetrikoan pairatzen dituzte herrialdeek, sektoreek eta enpresek.

Beste gai batzuk ere aipatu behar dira, ez baitira garrantzi txikikoak, eta arriskua eragiten dute. Gai horietako batzuk dira, esaterako, migrazio-krisia, Brexita eta negoziatzeko prozesua, Italiako Gobernua eta hainbat auzitan duen jarrera, eta, hurbilago, Kataluniaren inguruko gatazka.

Dena den, txostena ixtean eskura dugun informazio ekonomikoa kontuan hartuta, abian den urterako ditugun igurikimenak positiboak dira, % 3 inguruko hazkunde-tasak aurreikusten baititugu Espainian, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan. Eta estres-testuingururik ezean, 2019an % 2,5 inguruko tasak izango ditugu aztertutako hiru eremu geografikoetan.

Edonola ere, aipatutako zifrak positiboak izan arren, krisitik ateratzeko etapa honetan ezin dira ahaztu ekonomiaren alderdi ahulak. Ildo horretan, kontu publikoak kontsolidatzea izango da premiazkoena, beharbada. 2018an defizita % 3ko mailatik behera kokatuko dela aurreikusten bada ere, zorpetze publikoa oso handia denez beharrezkoa da neurri egokiak bideratzea. Bestalde, ekonomiak ustez izan dezakeen hazkunde apalaren aurrean, produktibitatea hobetzeko eta egiturazko langabezia murrizteko neurriak hartu behar dira, besteak beste.